i
n
e
s
o
s
i
n
a
g
a
i
n
e
s
o
s
i
n
a
g
a
Eman
Hartu
Itzuli.
abesti bat momentu bateko soinu-argazki bat bada, nola egin disko batek eskatzen didan betikotasunaren kontra?
nola utzi kantuei bizirik jarrai dezaten, eta ni haiekin batera aldatzen jarraitu?
nor nintzateke ni berriro itzuliko banintz?
Zebra naiz oraindik.
dena aldatzen bada gure artean hitz egiten dugunean, nola bihurtu lehia miresmen eta aitortza?
elkarri begira jarri eta elkarrekin dantza egin eta gero, zein zapore dute orbainek?
zer lekuk balio dit, balio dizu, balio digu sortzeko?
Nabil, eta nabilelako nago hain Zikin.
Eman - hartu - Itzuli
Ines osinaga Urizar
–Gutaz kantatzen digu–
Alaine Agirre
Nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua idatzi nion Inesi, eta nitaz kantatzea da zutaz kantatzeko nire modua erantzun zidan berak. Hori entzun orduko, baina, aitortu nion neure burua topatu nuela bere azken artelaneko hainbat zokotan, are zentroan ere, ezinbestean lerro artean eta baita elkarren gainean teilakatutako harmonietan. Ikusi dut neure burua, bere neurodibergentzia, adimen, disfuntzionalitate eta talentuekin; ikusi dut nire gorputza, eta izenik jarri nahi izan ez dioten ala txarto izendatu dituzten bere atalak; idatzi ditudanen oihartzunak ere topatu ditut bertan, ahots goran esan ez ditudan isiltasunak bezainbeste; nitaz dakizkidan batzuk, beste berba, beste akorde batzuekin birformulatuta eman dizkit, eta niregan identifikatu bakoei berbak eta akordeak ipini ahal izan dizkiot. Eta hori baino askoz gehiago. Zeren… ze zaila, ze mina, artelan batek sentiarazten dizuna hitzetara ekartzeko ahalegina. Ze zaila, ze mina, itsaso bat edalontzi batean kabituarazteko bortxa. Artea nekez kabitzen baita hizkuntza baten gramatikan, matematikaren arrazionalitatean, musikaren legeetan.
Eta ni eta nire alter-egoak eta ni andrea eta ni ura eta ni idazlea eta ni ama eta ni umea eta ni pertsona eta ni sorgina eta ni zoroa eta ni itsasoaren alaba eta nire ez-niak eta nire super-niak eta nire neure ni, ez-ni eta ezin-ni zenbaitez gain, askoren izenak eta aluak eta ume hilak eta artea ere sentitu ahal izan ditut hemen, orain. Zenbat lagun, zenbat kolega, amoranteren bat edo beste, nire terapeuta, konplize batzuk eta maite ditudan etsaiak ere ikusi ditut artelan honen izpietan, islatuta. Aldarri eldarnio aiene heiagora araoka dabilen akelarre honen parte sentitu naiz, zuekin batera, ahizpak; adarrak puntaz, buztana agerian, atzaparrak zorrotz, izan-behar-guzti horiek erantzita, garen horretara iritsi arte biluztuta, musikari emanak, magian sinetsiz, pasioz hordituta eta suaren inguruan, elkarrekin, dantzan.
Gutaz kantatzen digu Ines Osinagak, berataz kantatzen digunean. Gutako zenbat dabil itsasoaren galdez, bizitza deszifratu nahian, bortizkeria dekodifikatu eta sistema desarmatzeko ahaleginetan, borrokan bezainbat larrutan egiten. Gutako zenbatek idatzi diogu alabari, amari, amamari. Gutako zenbat gabiltza ahanzturaren kontrako guda antzu baina zentzuzkoan. inoiz izan ote zara? inoiz egon ote zara? inoiz izan al gara? galderak irakurri ditudanean neure buruaren iragana irakurri dut, negu hotz batean, existitu ez zela esaten zidaten alabari galdetuz izan ote zen, izan ote ginen ama-alaba. Gutako zenbatek, zuetako zenbatek ezin duzue lorik egin? Ba al dago gure artean preso ez den norbait? Gutako zenbat dira zauri isiltasun itsasertz, ezpain erru abesti, errepikapen eta birziklapen? Non dago dolua, ezpada gugan?
Bidaia bat da artelan hau. Bidaia bateko geltoki jakin bateko erretratu multzoa. Collage bat. Zu eta ni eta bera eta beste hainbatekin, askoren txatalekin osatutako gu bat. Ardoa eta odola da. Alutik eta ahotik, zein nondik, zein nora doan argi esaten ez duen arren; eta zer inporta du? Ez dakigu artefaktu hau disko bat, liburu bat, erakusketa bat den… eta zer inporta du? Anbibalentzia horretatik, ez-literaturatik, ez-musikatik, politika poetika batetik, itsasoa laino bihurtzen den ez-leku horretatik, sailkapen eta kategoria zurrun eta estatikoak urtu, gramatikak apurtu eta erlojuak pausarazten diren ez-denboraren dimentsio horretatik, bizitza herio bihurtzen den linbotik, heriotzaz erditzen den ez-gorputzetik dagoelako kantatuta, idatzita, erretratatuta eta performatuta artelan hau. Zer den ez dakigun izaki hau. Eta, halere, bada. Badu, izatea. Badago, hemen, munduan, gugan.
Bizitzak jarri du kontrakzioetan artea, eta artea bizitzaz erditu da. Eta itsasorantz garamatza. Hori delako, biderik egotekotan, bakarra.